gazteak
haurrak 0-12 urte
Bilaketa Aurreratua

PRODUKTUAK > Musika

irudia

Izena: Galerak

Egilea: Alex Tello eta lagunak

Ilustratzailea: Xabier Sagasta

Argitaletxea: Gaztelupeko Hotsak

Azalpena:

Maiatzean 12 urte beteko dira Oihana Alkorta (Orio, 1977-Getaria, 2007) hil zenetik. Nerabezarotik artearekiko kezka erakutsi zuen Alkortak, eta bereziki musikaren eta poesiaren arloetara bideratu zuen sormena. Benito Lertxundiren Hitaz oroit eta Auhen sinfonikoa diskoetan entzun daiteke haren ahotsa, eta bere kantu bat 2004. urtean Orio eta Zarautzen egindako Kilometroak-en aldeko disko kolektiboan jasota dago. Disko hunkigarri honen abiapuntua, Alkortak berak zendu baino bi urte lehenago Alex Tellori emandako poema batean dago. Olerkia ematearekin batera proposamen bat egin zion Alkortak bere lagunari: poemari segida ematea, idatzi berriak sortuz. Horixe egin zuen Tellok hurrengo urteetan, eta 2015ean erabaki zuen testu haiek musikatzea. Horretarako, etorkizun handiko bi pianista gazterengana jo zuen, Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallusengana, eta hauek langintza berriari ekin zioten: Telloren hitzekin abestiak sortzeari. Ondoren, kantuak grabatzeko musikari eta abeslari ugari gonbidatu zituzten, horietako batzuk oso ezagunak eta bestetzuk ez hainbeste, baina denak lagunak. Batzuek abestu egin dute diskoan —Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, Labrit Zabala, Jon Gurrutxaga edota Xabi San Sebastian, kasu— eta beste batzuek kantu propioak sortu dituzte proiekturako —Couple, Bihozkada eta Natali taldeak—. Azkenik, Xabier Sagasta marrazkilaria bi urtez lanean aritu da diskoa eta DVDa biltzen dituen diseinu zoragarria osatzeko. Ekimen xume gisa hasi zena, maila eta ekarpen handiko kultur egitasmo zabal bilakatu da. Alkortak Tellori emandako poemarekin egindako abestiak irekitzen du diskoa. Guztira 10 kantu berri biltzen ditu lanak, baita Alex Tellok errezitatutako bi poema ere —horietako bat Oreka TX txalapartariek lagunduta—, eta berreskuratzen du Alkortak Kilometroak-en diskorako egindako abestiaren grabazioa, “Airean idazten dizkizut”. Kantu berri gehienak Pottoko estudioan grabatu dituzte (Beasain), Fredi Pelaez soinu teknikariarekin, eta maila handiko musikariekin: Kike Arza, Juanma Urriza, Fredi Pelaez bera edota lehen aipatutako Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus. Hauek sorturiko abestiek osatzen dute diskoaren bizkarrezurra, eta bertan aurkitu ditzakegu jazz-pop kutsua duten aleak (“Zure bila noa”, “Ilargia ezkutuan”), baladak (“Aurki zaitzaket”) eta ahots dueto ederrak Joli Pascualena eta Xabi San Sebastian (“Entzuten ez banauzu”) edo Aitor Gorosabel eta Labrit Zabalaren artean (“Nintzena naizelako”). Diskoaren bukaera aldean beste doinu batzuk bildu dira, Bihozkadaren rock melodikoa (“Pirata lagun”), Couple bikotearen paisaia instrumental luzeak (“Couple”) eta Nataliren funk-pop dotorea (“Zuk lagunduta”). DVDak ikus-entzunezko osagaia eransten dio proiektuari, iazko azaroan Usurbilgo Sutegi aretoan egindako aurkezpen-emanaldia jasotzen baitu. Diskoan parte hartu duten musikarietako asko egon ziren bertan, eta lehen aldiz entzun ahal izan ziren Oihana Alkortaren oroimenez egindako kantuak.

Adina: Helduak

Urtea: 2019

Prezioa: 11-20 €