gazteak
haurrak 0-12 urte
Bilaketa Aurreratua

PRODUKTUAK > Musika

irudia

Izena: Hezurren azpian

Egilea: Maite Larburu

Ilustratzailea: Maite Larburu

Argitaletxea: Gaztelupeko Hotsak

Azalpena:

Josh Cheatham estatubatuarrarekin Neighbor osatuz ezagutu genuen Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979) duela sei urte inguru. Amsterdamen bizitokia zuen musikari bikoteak ustekabe ederra eman zigun bere lehen diskoarekin, Ura patrikan (GH, 2013). Kritikari eta musika zale asko limurtu zuten lan harekin. “Ez dirudi lehen diskoa. Bizipoza eta freskotasuna baditu lehen diskoarenak, baina lehen diskoek ohi duten urduritasunaren eta dena erakutsi nahiaren izpirik ez”, nabarmendu zuen Harkaitz Cano idazleak disko haren harira. Entzuleen harridura areago handitzen zuen Larburu zein Cheathamen musika eremu profesionalak kantugintzarekin zerikusirik ez duela jakiteak: antzinako musikan adituak dira biak ala biak, biolin jotzailea da Larburu eta viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu Cheathamek. Neighborren azalberritu egiten dira bi musikariak eta pop, folk edota blues kutsuko abestien konpositore eta instrumentu askoren jotzaile bihurtzen dira. Bigarren diskoa, Hau (GH, 2016), Amsterdam eta Euskal Herriaren artean sortu zuen bikoteak, eta eremu arrikusgarriagoetan murgildu zen, instrumentu ugari erabiliz eta esperimentazioa urrunago eramanez, baina Neighborren nortasunari uko egin gabe: herri musika ureztatzen duten iturri anitzetatik edaten duen unibertso musikala. Azken urteetan Herbehereetako bizilekua utzi eta Euskal Herrira itzuli da Larburu, eta horrek zaildu egin du Josh Cheathamekin elkarlanean jarraitzea. Hortaz, Neighborren hirugarren diskoan pentsatuz sortutako abestiak bakarkako bere lehen diskorako erabiltzea erabaki zuen Larburuk. Logikoa da hortaz, eta zorionekoa noski, entzuleak Neighborren lanekin loturak antzematea Hezurren azpian honetan —Larburu zen bikotearen kantuen egilea—, baina badira ezberdintasunak ere. Biolinak hartu duen garrantzia da horietako bat. Bitxia bada ere, Larburuk gehien menderatzen duen tresnak leku apala betetzen zuen Neighborren diskoetan, baina oraingoan Maite Larburu kanta egilea eta eta Maite Larburu biolin jotzailea batu egin dira eta zenbait kanta tresna horretatik sortu dira. Gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa eta xilofoia ere jo ditu Larburuk diskoan, abesteaz gain; Neighborren bigarren diskoan kolaboratu zuen Carlos Taroncher klarinetistak ere parte hartu du zenbait abestitan, eta Aida Torres eta Beñat Iturrioz perkusioekin aritu dira. Lau kanturen hitzetan Harkaitz Canoren laguntza izan du Larburuk. Musikari ogibidea dela-eta Larburuk nomadatzat du bere burua, baina disko hau oso lotuta dago jaioterrira itzultzearekin. Horren seinale da abesti guztiak euskaraz izateko hautua, Neighborren gaztelaniaz eta ingelesez ere abesteko zuen ohitura bazter utzita. Bidaia ageri da diskoko lehen abestian eta itzuleraren ideia irudikatzen duen ibaiaren inguruko kantuak ixten du lana. Ibaiaren metaforak balio du disko honetako hainbat abesti azaltzeko ere. Kortserik eta egitura zurrunik gabeko abestiak dira, sarri entzuleak jasotzen duen sentsazioa da hitzek egiten diotela bultza melodiari, aurreikusi ezin daitezkeen bideetatik eramanez abestiak, tarteka geldo eta bare, tarteka abiada biziagoa hartuz bihurgune artean. Alferrikakoa da etiketak jartzea edo estilo zehatzak aipatzea, Laburuk bere estilo propioa du, nahastezina. Bertan murgil egin eta bere burua eramaten uztea baino ez zaio geratzen entzuleari. Larbururen egile nortasun bakanaren egiaztagiriak aurkituko ditu nonahi: bere ahotsaren eta kantatzeko moduaren adierazkortasuna eta naturaltasuna, eta munduarekiko begirada propio hori, sentsibilitatea, umorea, samurtasuna, izaera jolastia eta aldarrikapena dosi perfektuetan nahasten dituzten hitz zoragarrietan islatzen dena. Epe luzeko diskoak maite ditugu, patxadaz eta arretaz, entzunaldiz entzunaldi, ezagutu eta dastatu beharrekoak direnak, eta Hezurren azpian horietako bat da. “Kanta bidaia bat da”, abesten digu Larburuk diskoa hasi orduko. Bidaia zirraragarrienetan bezala, bide-orririk gabe abiatzea da onena, bideko esperientziak izan daitezen, kasu honetan abestiak, azken helmugara eramango zaituztenak.

Adina: Helduak

Urtea: 2019

Prezioa: 11-20 €